XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hain zuzen ere, horregatik izan zen zure leherketa hain ezustekoa eta ulergaitza, niretzat behintzat, halakorik gutxi espero bait nuen.

Ez dakit zu oso trebea izan zinen zeure barnean eratzen ari zen ekaitza ezkutatzen ala ni sentiberatasun gutxikoa.

Baina nik ez nuen hodei beltzik zure begietan edo haize hotzik gure harremanetan sumatu, ezta ohartu ere elkarrekin emandako azken gau haietakoren bat beilan pasatu zenuenik.

Baina egun batean, ohi bezala, goizean zure patrikara eskua sartu bezain bizkor, zuk bileteak hartu eta zati-zati eginda erabat asaldaturik, lurrera bota zenituen puskak, onetik aterata.

- Zer uste duzu? Ez naiz puto zikin bat! Astea joan eta astea etorri, zuk lotsarik gabe ordaindu eta erosi izan duzu nire gorputza.

Baina amaitu da! Zuk ordaintzen dituzu afariak, ohea eta dena; luzaroegian izan nauzu zeure esku.

Kito! Ez zaitut ikusi nahi.

Eta ateari izugarrizko danbatekoa emanez alde egin zenuen.

Solairuari iltzatua, eskuak poltsikoetan, begirada zoruan finko, ezer ulertu ezinik ala nahi gabe?, inpotentzia hutsez jarraitu nituen zure oinotsak eskaileretan behera.

Batzuetan zein ustegabean nagusitzen zaion nahigabea zorionari!.

Zein aldakor eta iraupengabeak izan litezkeen sentimendurik sakonenak! Zergatik ote dira zin ezilkorrak hain erraz bilakatzen hitzustel?.

Gertatutakoaz jabetzen hastean, gaizki sentitu nintzen, asaldaturik eta galduta.

Nola eskolaratuko nintzen, ohi bezala? Telefonoz desenkusatu joan ezina eta noraezean abiatu nintzen kale-zirkiluetatik, zakur deslaien modura, erdi auhenka, bazterretan alferrik usnaka.

Izan ere, beldur nintzen, etxeratzeko beldur, asteburuaren aurrean beldur....

Edateari eman nion, otarteko triste bat jan, irakurriko ez nuen egunkari bat erosi eta han egon (...).